Fermin Muguruza: 'Tentsio handiko grabaketak izan dira'

[Bea Sever / EITB] Fermin Muguruzak Al Jazeera telebistarako dokumental sorta egin berri du. Esperientzia horri buruz mintzatu zaigu; herrialde arabiarretan ikusi eta ikasitakoaz, eta etxean gertatzen denari buruz ere.

Zelan doaz dokumentalak? Amaituta?
Dokumentalen egitura eta lanik zailena bukatuta dago. Zortzi dokumental entregatuta eta onartuta daude, emititzeko prest, eta azkeneko hirurak dagoeneko eginda daude, baina postprodukzioa bukatzea falta zait. Urtarrilaren 14rako dena bukatuta izatea espero dut. Gainera, orain ez daukat aurretik beste bidai bat aurrekoetan gertatu zaidan bezala. Bidai bat egiten genuen, kapitulua bukatu, eta berehala beste kapitulu bat egiteko geneukan, beste bidai bat. Horri gehitu izan ditugun zailtasunak, koordinazioa...

13 kapitulu ziren, baina azkenean 11 baino ezin izan dituzue egin, zergatik?
Aljeria zegoelako pakete honetan, eta han bi kapitulu egin behar genituen, baina ez ziguten baimenik eman. Zenbait herrialdek bi kapitulu daukate eta beste batzuek bakarra; herrialdea handia bazen edo ekoizpen musikal zabala bazuen, dokumental batekin motz geratzen ginen eta. Aljeriaren kasuan, kapitulu bat kapitalarekin egin behar genuen, eta bestea Kabilia eta Oranekin. Kontaktu guztiak eginda, produkzioa aurreratuta, egin beharreko guztiak eginda, baina kontsulatutik itxaron behar genuela, ez zegoela oso seguru sartzeko baimena eman behar ziguten ala ez, eta azkenean ezetz esan ziguten, Al Jazeerarako edozein gauza egin behar bagenuen, ez zigutela baimenik emango. Al Jazeera guda zibiletik Aljeriatik kanpo bidali zuten, erakutsi behar ez zena erakusten zuelako. Bi kapitulu horiek egin gabe gelditu zaizkigu, baina Marokokoak ere ozta-ozta egin genituen. Orain joanez gero, adibidez, seguru nago ezin izango genukeela sartu, El Aiuneko iskanbilekin... Triskantza guztia hasi baino lehenago Al Jazeera ere kanporatu zuten kanpamenduan zelan antolatzen ari ziren ematen ari zirelako. Begirale moduan joan ziren Euskal Fondokoak eta guzti kanporatu dituztela ikusita, eta ez bakarrik kazetariak... Hala ere, Marokon zaila izan genuen, material guztia mugan hartu ziguten, Tetuanen geundenean ere hiru egunez konfiskatu ziguten dena. Kamera bat alokatu eta ezkutuan grabatzen egon ginen. Hauek izan dira gauzarik konplikatuenak, baina Sudanen ere kristoren zailtasunak daude bisa bat lortzeko, eta azkeneko egunean eman ziguten. Tentsio handiko grabaketak izan dira, azken momentura arte ez genekien azkenean joaten ginen ala ez.

Oso ezberdina da abeslari moduan edo kazetari moduan herrialde horietara hurbiltzea? Zelan hartu zaituzte?
Guk uste genuen, ezjakintasuna dela eta, toki askotan besoak zabalik hartuko gintuztela; baina ez, herrialde askotan justu kontrakoa izan da. Gero, batez ere, Libanon, Sirian eta Yemenen, Al Jazeeraren izenean joateak dena erraztu digu. Egipton adibidez, oso zaila izan da, informazio ministerioko kide bat taldean jarri ziguten, zer egiten genuen jarraitzeko, Al Jazeerak gobernu horiek erakutsi nahi ez dutena erakusten duelako. Berdin ere Tunisian. Nik Tunisia aipatzen dut oso gertu daukagulako, euskaldun asko joan izan gara oporretan; baina gero, diktadura militar hutsa da, preso politiko pilo daude, eta askatasun minimoak ere ez dira errespetatzen. Interneten, adibidez, ezin dira sartu ezta YouTubera ere, galarazita dagoelako. Zenbait errealitate ezberdin gertu gertutik ezagutzeko parada izan dugu; gainera musikarien eskutik, nik uste dut anfitrioirik hoberenak direla, eta garela.

Zelan lortu zenituen tokian tokiko kontaktuak?
Aldez aurretik ikerketa bat egin nuen. Iazko abenduan hasi nintzen proiektu honekin, eta lehenengo bidaia martxoan egin nuen. Musika munduan 27 urte daramadanez, eta kontaktu pila bat egin ditudanez, ez bakarrik musikariak, baita diskoetxetako jendea, managerrak, etab. jende pilo bat ezagutu dut. Berehala hasi nintzen deiak egiten, Manu Chaori idatzi nion banekielako bera Malin lan egiten ibilia zela, eta Egipton ere kolaborazio bat egin zuela. Nire sarea aktibatu nuen ea zerbait ateratzen nuen. Esan behar dut ere berri hau zabaltzen hasi zenean zenbait jende idazten hasi zitzaidala, ezagutzen ez nuen jendea, kazetari batzuk, eta beste zenbait jende, norbait ezagutzen zutela Sirian, edo Casablancan egiten zen jaialdi baten berri zutela. Feedback oso ona lortu nuen berehala, hilabete batean sekulako kontaktu pila egin nituen eta pixkanaka, haritik tiraka, produktore bat kontaktatu nuen, horrek beste bat ezagutzen zuen beste herrialde batean... Oso hunkigarria izan da dena, intentsua bezain hunkigarria. Zenbait produktoreekin lan egiten hasi, eta, abiadura ezberdinak direla medio, elkarrekin lan egiteari utzi behar izan genion. Imajinatu zortzi egunetan ez badizute erantzuten... Baina azkenean musikarekin eta zinemarekin lotutako produktoreak lortu genituen, kristoren jendea. YouTube izan da nire lanabesik garrantzitsuena, jende askok zerbait Interneteko wikipedian edo beste orrialderen batean daukalako, baina ia gehienek zerbait daukate YouTuben zintzilikatuta, askotan arabierazko grafiarekin idatzita, baina produktoreak estekak bidaltzen zizkidan, hor sartzen nintzen, eta nire hautaketa egin nezakeen. Herrialde bakoitzetik talde pilo bat entzun ditut eta saiatu izan naiz musikari horiek lortzen.

Urtebete inguru daramazu proiektu honekin, familia ere Beirutera eraman zenuen. Herrialde arabiarretan eroso sentituko zara dagoeneko.
Egia esan, bai. Batzuetan erosoago beste batzuetan baino. Adibidez, Kuwait, Bahrein, Emirerriak eta horrelako herrialdeak oso hutsalak egiten zaizkit. Hor benetan ez dudala sentitu beste herrialde batzuetan sentitu izan dudana. Oso herri berriak dira, diru asko dago, eta esplotazio izugarria. Oso plastikozko herriak egin zaizkit. Hor ondo egon naiz, batez ere musikarekin gozatu egin dut, baina ez dut sentitu beste herrialde batzuetan sentitu dudana, atrakzio izugarri hori. Adibidez, Libanorekin, Marokorekin... Ezagutzen dugulako zer motako errepresioa dagoen Marokon, eta Sahararekin zer injustizia egiten ari diren, baina bestela, herri bezala, izugarria iruditu zait. Gainera, Marokon bi kapitulu geneuzkan, bata Casablancan, hiriburu kulturala delako, eta bestea road movie moduko bat izan da, Tangerren hasi, Tetuanera, Meknes, Rabat, Marrakesh, Casablancan bukatzeko. Paisaia guztiak, musikari oso ezberdinak... Izugarria! Egipton ere kapitulu bat Kairon izan da, baina bestea Nilotik bidai bat da, Luxorretik gorago hasi, Assiut, Kairotik pasa, Alexandria, eta Port Saiden, Suez kanalaren ondoan bukatu. Hiriburu batzuetan oso eroso sentitu naiz, Kairon, Beiruten eta baita ere, nahiz eta a priori zailagoa eman, Jartumen, Sudanen. Sekulakoa iruditu zait. Jasotzen dugun informazioa hain aldrebestua denez, okerra askotan, herrialdeetara joaten zarenean eta ikusten duzunean zer errealitate latza bizi duen jendeak, eta aldi berean nola jasotzen zaituzten... Nik uste dut Yemen herrialderik arraroena dela; bai arkitektura, bai jendea, ematen du duela bi mendeko bidaia egiten duzula. Ailegatu ginenean jendea harrituta zegoen ez gindoazelako Al Qaedari buruzko dokumental bat egitera, euren kultura ezagutu nahi genuelako.

Checkpoint rock dokumentalak Palestinaren egoera salatzea zuen azken helburu. Kasu honetan, Al Jazeerako ikusleentzako egina dagoela kontutan izanda, zerbait ludikoagoa dela esan daiteke?
Bai, baina aldi berean badago helburu politiko eta kulturala ere. Dokumentalak egiten geundela, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak multikulturalismoa amaituta zegoela esan zuen, eta hori neutroien bonba bat bezala izan zen ni bezalako pertsona batentzat, etengabe kulturen artean zubiak eraikitzen saiatzen ari naizelako, eta kulturen arteko komunikazioa lantzeko musika lanabesik handienetako bat iruditzen zait. Entzuten duzunean alderdi neonazi batek ez, baizik eta presidente batek, Alemaniakoak, hori esaten duela, eta Sarkozy ere Frantzian badabilela ideologia lerro berdinetik jotzen, eta ikusten duzunean Europan horrelako korronte handi bat nagusitzen ari dela, argi eta garbi ikusten duzu horrelako dokumentalek badaukatela sekulako balioa hezkuntzarako, balio didaktikoa, pedagogikoa, eta baita politiko eta kulturala ere, beste herrialdeetan zer gertatzen ari den ezagutzeko, beste jende hori nolakoa den jakiteko. Hala ere, egiten dudan gauza guztietan alde ludiko hori lantzen saiatzen naiz beti. Eta ezberdina da Palestinako musikarekiko, han egoera politikoaz eta pairatzen ari direnaz argi eta garbi hitz egiten dizutelako. Beste herrialdeetan, agian, gehiago adierazten dute musikaren bidez, hitzen bidez askoz zailagoa delako, errepresioa sekulakoa da, eta ezin dute modu irekian gobernuaren kontra hitz egin, beldur handia dagoelako. Oso egoera ezberdinak daude herrialde bakoitzean, eta hori da, beharbada, hartu dudan leziorik handiena. Herrialde arabiarrei buruz hitz egiten dugu, eta ez dute zerikusirik Maroko, Yemen, Libano edo Sudan. Hori bai, herrialde guztietan musikagatik eta aberriagatik sekulako maitasuna dago. Hala ere, Arabiar Golkoan orain badago musika bekatua dela esaten duen korronte bat.

Dokumentalak Qatarreko telebistarako eginak dira, baina beste nonbaiten ikusteko aukera egongo da?
Dokumentalak otsailetik edo martxotik aurrera Al Jazeeran emititzen hasiko dira. Nik iragarriko dut nire blogean, nire web orrian, eta prentsa ohar bat bidaltzen saiatuko naiz. Hasieran arabieraz hasiko dira emititzen, eta maiatzetik aurrera, Al Jazeera English katean, azpitituluak ingelesez jarrita. Baina emititu eta gero, nik zenbait zinemalditan paseak egiteko aukera daukat. Momentuz bukatu nahi dut, eta azpitituluak gaztelaniaz jarri nahi ditut zenbait jenderi erakusteko. Mexikoko DOCSDF dokumentalen jaialdiarekin hitz eginda daukat han emateko, ez denak baina agian serie bat. Gero, niri gustatuko litzaidake hemen, Zinemaldian, baten bat proiektatzea, eta niretzako ilusio handia izango litzateke ETBn emititzea, euskarazko azpitituluekin. Nik uste dut jendeari asko gustatuko zaizkiola, kristoren dokumentalak dira. Badakit Al Jazeerak berak ekoizpen propioekin DVDak kaleratzen dituela, baina frantsesezko eta ingelesezko azpitituluekin egiten dituzte.

Honekin bukatu, eta musikan ala zineman jarriko dituzu indarrak?
Orain atsedena behar dut. Oso urte gogorra izan da. Dokumentalekin egon naizenean ezin izan dut beste ezer egin proiektuaren magnitudea itzela izan delako. Gainezka egon naiz, gutxitan egon naiz horren lanpetuta eta horren arduratuta hau dena aurrera eramateko. 11 dokumental egin ditut, 10 herrialde bisitatu, 80 musikari baino gehiago elkarrizketatu... Izugarria. Orain bi aste lasaiago ditut Madrilera dena amaitzera joan baino lehen, eta gero pare bat hilabete hartu nahi ditut atsedena hartzeko. Gero gerokoak.

Hala ere, Yemenetik etorri eta Sudanera joan baino lehenago, Iruneko Bad Sound System taldeko lagunekin elkartu nintzen hemen, eta beraiekin Arnaldo Otegiren alde kantu bat prestatu genuen. Arnaldo Otegi kalean egotea oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Lagun pertsonala daukat, lagun mina, eta, inoiz baino gehiago, hitzen unea dela iruditzen zait. Hitzei eman behar zaie aukera, eta Arnaldo kartzelan egotea injustizia handia da. Sudanetik bueltan kantu hori kaleratu genuen, eta iragan igandean Logroñora, bere aldeko martxara, joan nintzen. Duela ez dakit zenbat urte aldarrikatu dugun bake prozesu hori azkenengoz abiatuko dela uste dut. Ia seguru egun hauetan ditxosozko komunikatu hori egongo dela, Gabonak baino lehenago, eta hurrengo urtea oso urte interesgarria izango da. Bide asko jorratu beharko dira, elkarlanerako bideak, elkar ulertzeko bideak, zauri asko sendatu beharko dira, baina ez dago beste biderik. Askotan beste eslogan bat esaten zen, baina nire eslogana hau da: "Elkarrizketa da bide bakarra".

 

Al Jazeera

HIZKUNTZAK / LANGUAGES

Euskara CastellanoFrançaisEnglish

ARTXIBOAK

ARGAZKIAK

FERMIN MUGURUZA

FM web FM twitter FM facebook FM myspace

LOTURAK

Aljazzera

Aljazzera Documentary Channel

Fermin Muguruza

Checkpoint Rock

Talka

Symbol