(Talka, 2006)
“Komuneko paretan graffiti batek, egin berria, "Ghettotik atera, gorrotoa antolatu" seinalatzen zidan gizarte honi zor diogun amorrua. Ordea ni ere gustura nengoen gure Banda Sonora dastatzen. Sustraiak, rock, rap, reggae!”.
Esaldi hau Negu Gorriak taldearen “Gure Jarrera” diskoan dagoen “B.S.O.” kantatik atera dut.
Musikazaleentzat, benetako musikazaleentzat, bigarren eskuko dendetan binilo arraroen bila dabiltzan horientzat, badaude esanahi berezia duten diskoak. Eta niretzat disko honek arrazoi ezberdinengatik esanahi berezia du, bereziki honengatik: musika andana deskubritzeko balio izan dit.
Disko horren kredituetan rock, hardcore, funk, hip-hop, soul, ska, musika latinoa… estiloetako izen nagusiak daude, duela hamabost urte musika gosez zegoen ni bezalako gazte batentzat gida ezin hobea osatzen zutenak.
Gainera “B.S.O.” abestia zegoen, leloaren amaieran “REGGAE” hitz horrekin. Genero horri ez nion nik kasu gehiegirik egiten, baina ordudanik, poliki-poliki, dastatzen joan naiz izen klasikoetatik joera berrietara pasatuz, Jamaikako erreferentzia-diskoetatik Penintsulako talde onenenetara (Basque Dub Foundation, Lone Ark eta The Starlites).
Duela zenbait urte, Fermin Muguruza elkarrizketatzeko aukera izan nuen eta erantzun batean zera esan zuen: “Argi dago reggae-aren oinarria beti hor mantenduko dela, Kortatu taldearen lehenengo diskotik etengabe ageri baita. Reggae-a beti hor egongo da, edozein espresio edo adarretan, egun anitza baita”. Eta egia da. Fermin Muguruzaren, eta honen talde ezberdinen, diskogintzari errepasoa eginez gero, atzera edo aurrera joanez gero, reggae-arekin egingo dugu topo, dosi, proportzio eta joera ezberdinetan, baina disko guztietan. Eta bere “bakarkako” garaian, era nabarmenean.
Orain “Euskal Herria Jamaica Clash” ematen du argitara, haren diskografian kate-maila koherentea dena. Bertan reggae dosia areagotuta dago, inoiz baino gehiago generoaren ikuskera klasikoari begiratuta, baina zenbait ñabardura mestizorekin (rock indarra, hip hop kutsuko bateria batzuk edo trikitiaren soinua). Diskoa Jamaikan grabatu da eta entzute handiko izenek hartu dute parte: U- Roy, Luciano, Lisa Dainjah, Masta Blasta, Toots eta I-Threes (Bob Marley-ren diskoetan agertzen zen ohiko emakume-ahotsez osaturiko hirukotea, tartean Rita Marley).
Lan berria hamabi abestik osatzen dute. Eta reggae-az gain, Euskal Herriko etorkizuna argitzen duten argi berrien baikortasuna ageri da (“Euskal Herria Jamaika Clash”)… eta baikortasun hori nahasten da deskribapen kostunbristekin (“Azoka Eguna”), erreboltari gogoarekin (“Mongolian Barbecue”, “Basque Xamuraia”, “La Fille Du Quartier Populaire”), itxaropen kantuekin (“Yalah Yalah Ramallah”), garaipen sinbolikoaren fotogramarekin (“Beamon Jauzia”), alienazioari (“Askatasun Parabolika”) eta inperioaren diktadurari eginiko kritikekin (“Plastic Turkey”), musika eta sentimenduei buruzko doinu poetikoa duen abesti lasaiarekin (“Baxua eta Lurra”), bukaerako kanta instrumentalarekin (“Le Mouv Dub”) eta Kortatu taldearen kanta zahar baten berrikuste argitsu eta itxaropentsuarekin (“La línea del frente”).
“Euskal Herria Jamaika Clash”. Gaur egungo soinu banda:
AMETSAK, ITXAROPENA, SUSTRAIAK, REGGAE.
FM-Hop