(Talka, 2015)
"WWOZ": lau letra misteriotsu horiek idatzi zizkidan txartel baten atzealdean Le Meridien hoteleko zerbitzariak, Canal Street-eko 614an. «Jazza, Neville Brothers eta halako doinuak gustatzen bazaizkizu, hori da entzun behar duzun irratia». 1992ko abuztua zen, eta "The Big Easy"n, New Orleansen ginen, musikari buruzko ikuspegia betiko aldatuko zidan iniziazio-bidaian.
Handik hamar urtera, Katrina lehorreratu zen: lurraldearen % 80 ur azpian geratu zen Pontchartrain-go dikeak hautsi zirenean. 1.800dik gora hildako, 182.000 eraikin birrinduta eta beste milioi erdi bat etxebizitza kaltetuta. Baina, guztiarekin ere, eta 2010.ean tragediaren bosgarren urteurrenean bertara egindako bisitan Barack Obamak adierazi zuenez, hiria «komunitate senaren eta erresistentziaren sinbolo» bihurtu zen. Sormena izan zen giltza, musikari eustea aurrera egiteko helduleku gisa.
Ezbeharra inspirazio iturri bilakatu zen, eta hamaika film dokumental, liburu, disko eta telebista-saio egin zituzten. Eta horren adibiderik garbiena "Treme" da. HBOren ekoizpen bikainak Katrina ondoko New Orleans erretratatu zuen: ustelkeria politiko eta polizialaren eta lurzoruaren espekulazioaren gainetik bere aktibo handienetako bati esker, kulturari esker bizirik irautea lortu zuen hiri bat. Jakina, WWOZk paper garrantzitsua jokatzen zuen fikzioan ere "Davis McAlary" pertsonaiaren bitartez, Davis Rogan irratiko DJ eta "All That" musika-taldeko liderraren alter egoa.
Duela hainbat urtetik hona WWOZ irratia munduko edozein bazterretan entzun daiteke Internet bidez, eta gainera gero eta presentzia handiagoa du sare sozialetan. Hain zuzen ere, hortxe hasten da istorio harrigarri hau. 2014ko otsailaren egun batez, irratiaren Facebookeko orrian ikusi nuenak aho bete hortzekin utzi ninduen: irratiaren estudioan bertan Fermin Muguruzari eginiko elkarrizketa baten argazki bat. Sekula ez nuen imajinatuko irundarra han izango zenik. Izan ere, "Euskal Herria Jamaika Clash" (Talka, 2006) argitaratu berritan solasean ari ginela neronek adierazi bainion hurrengo urratsa agian iparramerikar rap kantariekin lan egitea izan beharko zuela. Baina non eta New Orleansen... nolatan?
Enigmaren muina Bartzelonan zegoen, In-Edit musika-dokumentalen jaialdian: 2011 eta 2013ko edizioetan, hurrenez hurren, Aaron Walker -"Bury The Hatchet"en (2010) egilea, Mardi Grasari eta indiarrei buruzko filma- eta Lily Keber -"Bayou Maharajah, The Tragic Genius Of James Booker"en (2013) arduraduna- errealizadoreak ezagutu zituen Ferminek, eta hain zuzen bion eskutik bidaiatu zuen 2014an Louisianara. Bertan, George Ingmire-k elkarrizketatu zuen WWOZrako, hainbat musikari ezagutu zituen eta taberna batean jo zuen, Frenchmen Street kalean, bertoko musikariek lagunduta. «Euretako beste bat sentitu nintzen», aitortu du.
Esperientzia hartatik sortu zen The Big Easyn disko bat eta dokumental bat grabatzeko asmoa. "Irun Meets New Orleans" izenburupean -keinu bat bere "Irun Meets Bristol. Komunikazioa" lanari (Metak-Kontrakalea, 2003)-, diskoa hamar kantuk osatzen dute, bere ibilbideko betiko zortzi kantu neworleanstar doinuetara egokituak, eta hiriarekin lotutako beste klasiko biren bertsio berriak. Film dokumentalak, berriz, "NOLA?" du izena -"New Orleans, Louisiana"ren akronimoaren eta euskarazko "Nola?"ren arteko hitz jokoa-, eta diskoaren grabaketa prozesua eta Katrina igaro eta hamar urte geroagoko egoera jasotzen ditu. Fermin joan den maiatzean itzuli zen bertara, saioak prestatzera, eta albuma irailean grabatu zuen.
"Irun Meets New Orleans" lanaren ekoizlea, moldatzailea eta gitarra-jotzailea Jonathan Freilich izan da, The New Orleans Klezmer All-Stars eta The Naked Orchestra taldeen liderra eta hainbat musikari ospetsurekin kolaboratu duena, besteak beste Galactic, Robbie Robertson, Johnny Adams, Kermit Ruffins eta The Wild Magnolias. Talde bi eratu zituen: batetik, brass band bat, Ferminen kantuak jotzeko gauza izan zitekeena; eta bestetik, rhythm 'n' blueseko beste talde bat, malguagoa, ska eta punk sentimendua eta neworleanstar soinua bateratu zitzakeena.
Musikarien zerrenda ahozabalik geratzeko modukoa da: Ben Jaffe-k zuzendutako Preservation Hall Jazz Band historikoa; Sunpie Barnes zydeco soinujolea (The Louisiana Sunspots-eko liderra); Katey Red, bounceko lehen queer rap kantaria; Erica Falls abeslaria (Galactic, Dr. John); Derrick “Oops” Moss perkusionista (The Soul Rebels-en sortzaileetako bat); Dan Oestreicher saxo-jotzailea (Trombone Shorty & Orleans Avenue-koa); Helen Gillet biolontxelo-jotzailea (Luke Winslow-King, Dr. John); James Singleton baxu-jotzailea (Astral Project-eko kidea eta Johnny Adams, Coco Robicheaux, Stanton Moore, Jon Cleary eta Irma Thomas-en kolaboratzailea); Antonio Gambrell tronpetista (All That-eko kide ohia); Doug Belote bateria-jotzailea (Anders Osborne, Sonny Landreth, Dr. John, Cyril Neville, Jon Cleary, Rickie Lee Jones); Brian Coogan piano eta organo-jotzailea (The Iguanas, Bonerama, Stanton Moore); Scott Frock tronpetista (Delfeayo Marsalis, Marcia Ball, Gladys Knight); Rick Trolsen tronbonista (Bonerama-ko kide ohia, eta Luke Winslow-King, Sonny Landreth, Theresa Andersson eta Snooks Eaglin-en diskoetan parte hartu duena); Rex Gregory saxofoi-jotzailea (Irvin Mayfield, Dr. John); eta beste hainbat.
Mark Bingham soinu-ingeniariak aipamen berezia merezi du. Bera da "Irun Meets New Orleans" grabatu deneko Piety Street estudioen sortzailea, eta horrez gainera, John Scofield, Glenn Branca eta Rebirth Brass Band-en ekoizlea izan da, lagun mina duen Hal Willner-ek koordinatutako hainbat omenaldi diskotan parte hartu du, eta Allen Ginsberg-en "The Lion For Real"en ere (1989) kolaboratu zuen.
Pixka bat pentsatzen jarrita berehala ohartuko gara Muguruza aurretik iragarri ezin daitekeen artista dela, bere ibilibidean etengabe norabidez aldatzen duena; beraz, orain ere norabide berri bat hartzea ez da batere arraroa. Gainera, bere egitasmo ugarietan beti uztartu ditu tradizioa -trikitia edo irrintziak, kasu baterako- modernotasunarekin, eta estilo asko eta askotarikoak jorratu ditu. Eta hain zuzen, non ulertu eta bizi daiteke ondoen zapore desberdinen nahasketa hori... bertakoek "gumbo" esaten diotena, gastronomia kreoleko plater gozoaren omenez? Bada, New Orleansen, noski.
Oraingo honetan bere dokumentalista alderdiari ere heldu dio. Gogoratu lehenago lan entzutetsuak burutu dituela alor honetan: "Bass-que Culture" (2006), "Checkpoint Rock. Kantuak Palestinatik" (2009), "Zuloak" (2012) eta "No More Tour" (2013) film luzeak, esate baterako, eta Al Jazeera katearentzat arabiar herrialdeetako musikari buruz egindako "Next Music Station" (2011) seriea. Hala ba, nor bera baino hobeto hiriaren egoera haztatzeko Katrina igaro eta hamar urtera?
“NOLA?”k paralelismo handiak ditu "Treme"ko atal batekin: kantuak oso ongi integratuta daude kontakizunean, eta protagonistek kontatzen dutenarekin estu lotuta. Horrela, musika narrazioaren beste pertsonaia bat bihurtzen da. Hari gidaria WWOZko George Ingmire esataria da, bera ere dokumentalista eta urakanaren eraginari buruzko hainbat irrati-saiakeraren egilea. Bere speech kritiko eta ironikoan txandakatuz doaz diskoaren grabaketaren kontaketa eta gaur egungo egoera zertan den.
Dokumentala zuri-beltzeko eta koloreko irudien muntaketa biziarekin hasten da (kotoi-sailak, Ku Klux Klana, arraza-segregazioa, Katrinaren hondamendia... "Treme"ren hasierako kredituei keinu bat ote?), eta ondoren, WWOZko estudioetara jo eta Ingmireri bide ematen zaio, konta dezan nola tragediatik hamar urte igaro diren honetan Fermin Muguruza New Orleansera etorri berri den, bertoko musikariekin bere kantuei "New Orleanseko flavourra" ematera.
Une horretatik aurrera, DJaren jarioa eta hainbat pertsonaiaren adierazpenak ("Irun Meets New Orleans"eko musikariak, eta Aaron Walker eta Lily Keber errealizadoreak eurak ere bai) artxiboko irudiekin txandakatuko dira, argazki ikusgarriekin eta kantuen grabaketekin. Hezetasunak eta beroak musikan duten eraginari buruzko kontuek lekua uzten diote Karibeko usainez eta metalen leherketez jantzitako "Kolore bizia" bati -Negu Gorriak, "Borreroak baditu milaka aurpegi" (1993)-, Helen Gillet biolontxelo-jotzaileak azken solo batez burutzen duena.
Katrinaren ondorio latzak, AEBetako Gobernuaren eraginkortasunik eza, hedabideek hiriko bizilagunak eurak "errefuxiatutzat" hartzea eta diasporatik etxera itzultzea... horien guztien oihartzuna dago "Etxerat!" zoragarri batean -Kortatu, "Kolpez kolpe" (1988)-, eta bigarren lerroko kadentziarekin! «Hondamendia eta ondoren gertatutakoak eragin zuten musikariek bat eginda eustea. Eta ohartuta edo oharkabean, esperientzia hark musika indartu zuen», entzuten da norbaiten ahotan.
Txandaka agertzen zaizkigu batetik jazz kutsuko "In-komunikazioa" berritu baten entseguak -"In-komunikazioa" (2002)-, non jatorrizko hip hop oinarriei erritmo tribalak eta Preservation Hall Jazz Bandeko metalen festa batu zaizkien, eta bestetik jotzaileek eurek esateko dituztenak musikaren garrantziaz -«gure eguneroko bizitzaren parte da»-, tradizioaz -«oreka bat dago hura zaintzearen eta haren barruan bide berriak urratzearen artean-, musikari-familiez eta Kubarekiko loturez.
Inauterien ospakizunak, eta zehatzago, Mardi Grasaren eta indiarren historiak bat egiten dute "Mess Around"en bertsio berebizikoarekin. Kantua Ahmet Ertegun-ek, Atlantic Recordseko presidenteak idatzi zuen; 1953an Ray Charlesek argitara eman zuen single batean, eta geroago moldatu zuten Dr. Johnek eta Professor Longhair-ek. Izan ere, amaitutakoan, Brian Coogan teklistak honela dio: «Dr. John-en bertsioa jo dut-eta!»
Buduak eta Marie Laveau sorgin erregina ospetsuak bide ematen diote "Zugarramurdin akelarrea" kantuari -"Las brujas de Zugarramurdi"ren soinu bandakoa (Álex de la Iglesia, 2013)-, eta berean homofobiaz, ustelkeriaz eta polizien gehiegikeriez jarduten dute Sunpie Barnes soinujoleak eta Katey Red raper kantariak bounce ukitu harrigarriarekin.
Jean Lafitte pirata mitikoaren irudia eta berari buruzko kondaira guztiak, Karl Marxen "Manifestu komunista"rekin lotzen duena adibidez, ederki egokitzen dira "Dub Manifest"ekin -"FM 99.00 Dub Manifest" (2000)-, eta Erica Falls-en ahots zoragarriarekin eta dub elektronikoaren lekua hartzen duen brass band indartsuarekin, musika eta komunitatearen arteko harremanez jarduten duten bitartean.
Katrinaren osteko kapitalismoaren gehiegikeria -«hau ez da gero eskolan irakatsi ziguten merkatu libreko kapitalismoa»- eta lurzoruaren espekulazioa -«gentrifikaziotik turistifikaziora igaro gara»- sarrera ezin hobea dira "After-boltxebike"rentzat, punk energia gordeaz aldi berean errotik aldatzen den "Kolpez kolpe"ko beste hit bat.
Heriotzaren ospakizunak, hiletek eta second lineek, zuzenean garamatzate Kermit Ruffins-en "When I Die" ren bertsiora -haren "Big Easy" (2002) diskokoa, eta jatorriz "When I Die (You Better Second Line)" izenburua zuena-. Ferminek joan den uztailean hil zen bere managerrari, Amaia Apaolazari eskaini dio kantu hau. Hemen ere Erica Falls dugu abeslari, eta kanta hileta-martxa batekin hasten da, ondoren jai-prozesio baten erritmoekin eztanda egiteko.
Ebakuazioaren ostean armadak New Orleans okupatu zuenekoa eta musikaren bitartez bizirik irautea "Gora herria"rekin lotzen dira -Negu Gorriak, "Gure jarrera" (1991)-. Sunpie Barnesek esan zuenez, abesti hau «berdin-berdin izan zitekeen Louisianakoa ere». Izan ere, zydeco ukitua ematen dio-eta soinu handiak (jatorrizko trikitiaren ordez jotzen dena).
Amaierako partea proiektua nola gauzatu zen kontatzeko gorde da. Lily Keber errealizadorearen eta Jonathan Freilich ekoizlearen hitzen ondoren, "Black Is Beltza"ren funkarekin buru ematen zaio lanari -izen bereko 2014ko nobela grafikorako Jorge Alderetek, Ferminek eta Harkaitz Canok sortutako kantua-, eta Ingmire-ren itxierarekin: «Denbora amaitu da!»
Esango nuke sortzaile baten handitasuna hortxe antzematen dela hain zuzen, bere konposizioak edozein estilotara moldagarriak direnean, eta gure kasu honetan, hiriaren doinuetara ederki egokitu dira artista irundarraren kantu enblematikoenetako batzuk (gehienak jatorriz punk-rock edota ska erritmo bizi-bizia zutenak). Muguruza hiriaren liluramenduari men eginez etorri zaigu New Orleansera, beste ehunka musikarik jarraitu dioten bulkada berari jarraituz (eta batzuk bertan geratu ziren betiko): Elvis Costello, Robbie Robertson, Willy DeVille, Luke Winslow-King, Ani DiFranco, Dayna Kurtz, Jon Cleary, Anders Osborne, eta azkenetariko bat aipatzearren, Jello Biafra, “Walk On Jindal’s Splinters” (2015) zuzeneko bere azken diskoa The New Orleans Raunch & Soul All-Stars taldearekin grabatu duena.
Azkenean Willy DeVillek arrazoi izango zuen, bada, esan zidanean, «izan ere, New Orleans ez baita beste Estatu Batuak bezalakoa. Kriminalak etortzen dira hona, poliziatik ihesi doazenak, piratak... Eta marjinatu eta artista guztiak ere bai. Oso hiri bitxia da, eta jendea erotuta dago hemen; baina ez die batere axola. Bakarrik axola zaie kopa bat hartzea, musika jotzea eta ondo pasatzea».
The Big Easyn esan ohi duten bezala, «Let the good times roll! / laissez les bons temps rouler!”.
Miquel Botella, Radio Gladys Palmera-ko "Ciudad Criolla... En la frontera" irratsaio eta blogaren sortzailea (ciudadcriolla.gladyspalmera.com)