
Website created by:
uriartedesign
uriartedesign
Website created by: uriartedesign
Naiz ➝
Eguraldi beroa dago egunotan Erroman, baina izerdia botatzeko prest agertu dira hiriaren kanpoaldeko Circolo Concetto Marchesi gune alternatiboan ehunka musikazale, Banda Bassotti eta Fermin Muguruzaren kontzertuen harira, larunbat iluntzean. Datorren astean Donostiara jo baino lehen, irundarrak Italiako hiriburuan egin du geldialdia bart. Bi ordu pasatxoko saioan, Muguruzak eta bere bandak barruan duten guztia eman dute, zaleen gozamenerako.
Europako nazio gutxitu ugaritako elastikoak nahastu dira agertokiaren aurreko belardian: kataluniarrak, galiziarrak, sardiniarrak, friuldarrak… Italiarrak eta euskaldunak izan dira, ordea, ugarienak. Oholtza gainean nahiz behean, Palestinaren aldeko mezu eta banderak izan dira nagusi.
Erromatarrak izanik, Banda Bassottikoek ondo jakin dute giroa berotzen, artean egun argitan. ‘No pasarán’ pankartarekin ekin diote eta, kantu aldarrikatzailez betetako ordu betearen ondoren, ‘Internazionala’ abestuz bukatu.
Atseden laburra, eta berehala igo da Muguruzaren banda agertokira. ‘Maputxeak’ jo eta gero Fermin bera irten denean egin du gaueko tenperaturak gora. Erromako eguraldi beroan sua piztu du irundarrak hasiera-hasietatik. ‘Urrun’ kantua abestu eta italieraz agurtu du publikoa, eta Banda Bassottikoekin betidanik izan duen adiskidetasuna gogoratu. Mexikon joan den astean jasandako tratua ere aipatu du: «Guardia Nazionala eta armada bidali zizkiguten, baina herriaren babesa dugu».
Bi orduz erritmo biziari eustea ez da erraza, baina Fermin Muguruzak badaki horretaz zerbait eta gazte-gaztetatik martxan duen sormen amaiezinak ere abesti mitiko asko eman dizkio. ‘Hay algo aquí que va mal’-ekin jada publikoa sutan jarri du. Kortaturen piezak izan dira gehienak kontzertuaren hasieran, baina ‘Big Beñat’ eta ‘Euskal Herria Jamaica Clash’ ere tartean sartuta. ‘A la calle’-rekin, Erroman jo zuen lehenengo aldia oroitu du, 1988an, Kortaturekin.
Iñigo Muguruza anaiari omenaldia egitera ere joan zen Fermin Erromara, duela bost urte. Horren aipamena biribiltzeko, zer hoberik ‘Nicaragua sandinista’ baino.
Negu Gorriak eta 1990eko hamarkadara jo du kontzertuak gero. Publikoa are gehiago zoratu da ‘Txikito’, ‘Lehenbiziko bala’, ‘Itxoiten’ eta ‘Zu atrapatu’ arte elkarren segidan entzunda. Eta giroa gori-gori zegoela, azken txanparako utzi ditu ‘Kolore bizia’, ‘Horrelakoa da bizitza’ eta ‘Dub manifest’.
Bisetan, egurra berriro. Ezin falta ‘Yalah Ramallah’ Palestinari hain lotua egon den gaualdi batean. Palestinako eta Euskal Herriko banderak elkarrekin airean, indar biziz astindu ditu jendeak, baita Ferminek berak ere. ‘Gora Herria’ klasikoarekin eta ‘Sarri Sarri’ mitikoarekin, goi-goian bukatu da festa. Faxismoari aurre egiteko, komunitearen garrantzia azpimarratzeko bota du azken mezua Muguruzak.
Circolo Concetto Marchesiren ingurua auzo langilea da eta, bizilagunen atsedena errespetatu aldera, ordutegia zorrotz bete da kontzertuan. Bestela, Fermin Muguruzak han jarraituko zuen jo eta su, hain agorrezinak ditu energia eta indarra. Erromako beroa su are beroagoarekin garaitzeko gai izan da.
The privacy policy has been updated due to the new data protection regulations and our commitment to transparency. Although we are not modifying the way we use and share your data, we believe that you have to be informed of your data that we collect, how we treat it and what options and control you have. Cookie SettingsReject All Accept