(Metak, 2005)
Negu Gorriak, un vije por la intensidad
1990ean hasi zen zazpi urteko bidai musikala, entzuleriarengan, musikariengan eta hainbat talderengan sekulako eragina izango zuen doinu berriak zekartzan makina (mezuak zabaltzeko makina ere bazena): Negu Gorriak, edo Mikel Laboaren "Gaberako aterbea" kantutik ateratako izena zeraman hirukoa: Kortatutik zetozen Fermin eta Iñigo Muguruza anaiak eta Kaki Arkarazo (M-ak). Gerora, Mikel Anestesia (Estigia) eta Mikel Abrego (Bap!!) gehitu zitzaizkien. Lehena thrashatik zetorren, bigarrena berriz, hardcore mundutik. Musikari hauen jatorri desberdinen gisara, Negu Gorriakek hainbat iturritik edan zuen, aniztasuna taldearen bereizgarria bihurtuz: hip-hopa, hardcorea, punka, euskal sustraiak, rocka, duba. Estilo hauetako batzuk ez ziren oso ezagunak gurean. Bostek ala bostek belaunaldi baten soinu banda eraiki zuten, euskal musikaren erreferente nagusienetakoa bihurtuz 90eko hamarkadaren lehen erdian. Garai berrietan sartuta ginen jada. Euskal rocka aberasteko etorri zen boskotea.
Negu Gorriak-ek 1990ean estreinako disko luzea argitaratu zuen: kontzeptu aldaketa zekarren eta Napartheid, Raggamuffin jaia edo Bertso-hop bezalako kantuekin batera, Radio Rahim entzun genuen estreinakoz, gantxo handiko kantua, rap ukabilkada, hatz koskoetan tatuatua. Nola ez, DVDak abesti horren bideoklipa dakar. Eta baita urte horretan Herrera de la Manchan egin zen euskal preso politikoen aldeko ekitaldian 10.000 pertsonen aurrean jo zuteneko kontzertua: aipatutakoez gain, Hator hator, Oker dabiltza, Esan ozenki, Amodiozko kanta eta Gabeko aterbea dira ikus eta entzungai diren kantuak.
Trena geldiezina zen jada. 1991 urtearekin batera Esan Ozenki Records zigilua sortu eta bigarren lan luzea argitara eman zuen Irungo taldeak: "Gure jarrera", kantu borobilez osaturiko disko borobila. Ondoren, Tour 91 Gora Herria Power to the People nazioarteko lehenengo birari ekin zioten (esan beharra dago Mikel Abrego taldeko partaide bilakatu zela bira horretan), zeinari beste bat jarraitu zitzaion: 91+1 tourra: Ez dezagun sal, Zipaioen matxinada, Lehendabiziko bala, Seinalea, B.S.O, Gora Herria, Irakatsitako historia, Apatxe gaua. hauek guztiak eta gehiago ikusgai ditugu DVDan, eta baita 1991ko Gora herria bideoklipa ere.
1993an "Borreroak baditu milaka aurpegi" argitaratu zuen boskoteak. Lan mardulagoa, dudarik gabe. Disko horri izena eman zion kantuaren bideoklipa (eta bere making offa, helikopteroa eta guzti erabili zuten bideoa egiteko!!!) NGTB izeneko albistegi bitxian dago ikusgai. Aurkezle gazte batek bide ematen die atal desberdinei, eta hala, Bi doberman beltz kantua (zuzeneko soinuarekin) Toulouse, Paris edota Donostian (Egunkariaren aldeko festa) grabatutako irudiez lagunduta ikusten da eta berdin Hipocrisiari stop!, izen bereko tourreko irudiez -Finlandia, Suitza, Alemania edota Katalunian hartutakoak- lagunduta. Gero, aurkezleak Salvadorren egin zuten biraren irudiak aurkeztuko dizkigu edota Mikel Anestesiaren epaiketara eramango gaitu, zeinean Donostiako epaitegiaren aurrean kamioi baten gainean kontzertu pirata bat eman zuen Neguk intsumisoaren alde. NG telebistan albiste gehiago daude ordea: Berako Nafarroa Oinez festarako eginiko Izokin euskaldun baten historia kantua adibidez, eta JFK piezaren doinupean Hego Amerikan egindako bira.
"Hipokrisiari stop hypocrisy tour 1993" zuzeneko diskoa argitaratu ondotik, 1995 heldu zen, "Ideia zabaldu" disko distiratsuaren urtea eta baita Oiartzungo Hitz Egin kontzertu gogoangarriaren urtea, adierazpen askatasunaren aldeko jaialditzarra (non Esan Ozenkiko talde guzti guztiak izan ziren oholtza gainean beste gonbidatu batzuekin batera), Negu Gorriak Galindorekin zuen gatazkaren testuinguruan kokatu behar dena. Kontzertu horretatik kantu bakarra zegoen argitaratua orain arte: Borreroak baditu milaka aurpegi. DVD honetan gau horretan entzundako beste hiru kanta bildu dira gure gozamenerako: Salam agur, Nire baitan daude biak eta Radio Rahim.
1996 berriz, agurraren urtea izan zen. "Salam agur" estudioko diskoa kaleratu zuten, non beren bizitzen BSOren 15 kantu bertsioneatu zituzten. "Ustelkeria" diskoa ere argitara eman zuten handik gutxira, Hitz Egin kanpainan lagundu zutenentzako opari gisa. Eta ondoren negukide bakoitzak bere bideari ekin zion (ez gara hemen haien joan etorriak kontatzen hasiko), patuak, edo, hobe, epai batek berriz juntatu zituen arte. "Geurea da garaipena" leloa inoiz baino benetakoagoa bihurtu zen, Galindorekin zuten aferan garaile atera baitziren. Ospatu beharra zegoen. 2001ean, taldea desagertu eta bost urtera, hiru kontzertu egin zituen Negu Gorriak-ek (bi zeuden aurreikusita), Baionan bat eta Donostian gainontzekoak. 30.000 pertsona 3 kontzertuetan, 6.000 Baionan eta bi belodromo beteta. Mintzagai dugun DVDak Donostiako kontzertuko hamabi kantu jasotzen ditu, CDan lau kantu gehiago direlarik entzungai, guztiak ere otsailaren 23ko kontzertu hartan grabatuak: Ez dut ezer esan nahi, Hitz egin!, kaixo, Errespetua, Itxafero mekanikoa, Aizu, NG Geurea da garaipena.
Agur polita (eta historikoa) izan zen lehen aipatzen genuen soinu banda horren doinupean zahartu zirenentzat eta aukera ederra aurretik inoiz zuzenean ikusia ez zutenentzat. Zinez.
Xabier Sagardia