Web creada por:
uriartedesign
uriartedesign
Web creada por: uriartedesign
Naiz ➝
Oholtza gainean 40 urte betetzerakoan munduari bira eman zion Fermin Muguruzak. Ospakizuna 2024ko abenduaren 17an hasi zen Biarritzeko Atabal aretoan, Iñigo Muguruza anaiari egindako omenaldi kontzertuan. Festa Bilbon lehertuko zen ordea, bina emanaldi eskaini behar baitzituen Miribillan abenduaren 20 eta 21ean. Apirilean iragarri zituen eta sarrera guztiak agortu ostean, ekainaren 20an, Kortatuk lehen maketa argitaratu zenetik 40 urte betetzen ziren egunean bertan, mundu mailako bira iragarri zuen irundarrak. Hamaika urte ziren halakorik egiten ez zuela 2013ko ‘No More Tour’-etik.
2025eko urtarriletik hasita, ‘Muguruza FM 1984-2014’ birak Asia, Amerika eta Europako hamaika txoko zeharkatu zituen: Tokyo, militar eta poliziek setiatu eta etendako emanaldia Mexiko Hirian, Txileko Santiago, Erroma edota Berlin, besteak beste. Euskal Herrian ere une gogoangarriak bizi izan ziren ekainaren 14an Donostiako Anoeta Estadioan, Arberatze-Zilhekoan EHZ festibalean, Irungo Mosku auzoko jaietan edota birako azken kontzertuan, Iruñeko Nafarroa Arenan 2025eko urriaren 4an. Kortatu, Negu Gorriak eta Muguruzaren ondare musikalak mundua zeharkatuko zuen pasa den urtean eta orain pantaila handira iritsiko da. Non eta Anoetako Belodromoan.

3.500 ikusleren aurrean eta 400 metro karratuko mihisean eskainiko du Zinemaldiak ‘Muguruza FM 40 Tour’ dokumentala. 99 minutuko iraupenarekin, irailaren 24an antolatu du proiekzio erraldoia zinema jaialdiak. Ander Merino Etxebestek eta Fermin Muguruzak lau eskutara zuzendutako dokumentalak ‘Muguruza FM 1984-2014’ bira izan zen «musika, konpromisoa eta kultur erresistentziaren 40 urte ospatzen dituen bidaia kolektiboa» biltzen du.
Musika-dokumentala izaki, birako irudiez, edo «taupadez» gozatzeko aukera izango du ikusleak: «jendez gainezka dauden kontzertuak, errepidean egindako kilometroak, bidean izandako topaketak eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den energia partekatua, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetatik gaur egungo bere ibilbideraino». Ultraeskuinaren zentsura saiakerak eta tira-birak ere ageri dira, baita elkartasun keinuak eta eszenatokien «atzealde intimoena» ere. Fermin Muguruzaren ibilbide musikalaren ondareaz hausnartuko du piezak. «Dokumental honek bere abestiak borrokarako, nortasuna eraikitzeko eta komunitate ospakizunerako tresna bihurtu dituen sortzaile baten erretratu zinematografikoa osatzen du, ezinbesteko artista baten azken dantza handiarekin batera».
Sarrerak astearte honetan, abuztuaren 18an, goizeko 10.00etan jarriko dira salgai Zinemaldiaren web orrialde ofizialean. Bien bitartean, dokumentalaren trailerra ikusgai jarri du Muguruzaren lantaldeak.
Bestetik, Zinemaldiak aurrez iragarri bezala, Belodromoak beste zenbait emanaldi ere hartuko ditu edizio honetan. Batetik, Aritz Morenoren lan berria, ‘Karateka’. Filmak Andrea Ros, Patrick Criado, eta Ernesto Alterio ditu aktore-zerrendan eta Sandra Sánchezen istorioa kontatzen digu: konbentzio guztiak hautsi zituen emakume horrek, karateko urrezko domina lortu batzuen Joko Olinpikoetan, kata modalitatean, 39 urterekin. Morenok Zinemira-Kimuak sailean hartu zuen parte ‘Bucle’ (2011) eta ‘Cólera’ (2013) lanekin, ‘Ventajas de viajar en tren’ (2019) eta ‘Moscas’ (2023) film luzeak zuzentzeaz gain.
Bestetik, ‘Go!azen’ telesailaren hamahirugarren denboraldiaren lehen atalaren emanaldia ere hartuko du Belodromoko auditoriumak –2.000 pertsonatarako edukiera du– eta ‘Kontzertua & Emanaldia’ ekimen tradizionala ere, Euskadiko Orkestrarekin eta SGAE fundazioarekin batera antolatua, hartuko du, baita amaierako galaren emankizuna eta Ikastetxeak Belodromoan ekimeneko goizeko emanaldiak ere.
Belodromoko emanaldietarako sarrera guztiak asteartean, abuztuak 18, jarriko dira salgai, goizeko 10.00etan.
Hemos actualizado nuestra política de privacidad para la nueva legislación de protección de datos y nuestro compromiso con la transparencia. No hemos cambiado la forma en que usamos y compartimos sus datos, pero creemos que necesita saber qué datos recopilamos de usted, cómo los tratamos y qué opciones y control tiene. Configurar cookiesRECHAZAR COOKIES ACEPTAR TODO