
uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Naiz ➝
Gero eta gutxiago geratzen da Fermin Muguruzak Donostiako Anoeta estadioan eskainiko duen kontzerturako, hilabete eskas (ekainak 14), eta motorrak berotzen joateko garaia heldu da. Izan ere, artista irundarrak bideo baten bidez zabaldu ditu egun horretan egongo diren gainontzeko kontzertuen ordutegi zehatzak.
Arratsaldeko 17:00etan zabalduko dira ateak eta festa lehenengo minututik abiatuko da Selektah Stepi (Bad Sound System) DJ-arekin. Muguruza bezalatsu, Irungo Mosku auzotik iritsiko den artistak izango du giroa berotzen hasteko ardura, bere reggae, dancehall eta erritmo eta selekzio bereziekin.
Hori hasiera baino ez da izango. 18:00etan, Niña Coyote eta Chico Tornado bikote donostiarraren txanda izango da. Mundu osoan zehar bidaiatu dute Ursula Strong eta Koldo Soretek, eta oraingoan basamortuko musika pisutsu eta distortsionatuak Anoetako belardia altxaraziko du, Kaliforniako Palm Desert balitz bezala.
Ordubete beranduago, Palestina aldera joko dute Anoetara bertaratzen diren zaleek. DAM taldeak, hip-hopa eta erresistentzia uztartzen dituzten letrekin, herri zapalduen borrokari ahotsa jarriko dio. DAMen presentziak Muguruzaren ikuspegi internazionalistarekin bat egiten du eta Euskal Herriko publikoari mezu argia helaraziko dio. DAM eta Muguruzaren arteko harremana ‘Checkpoint Rock’ dokumentalaren grabaketatik dator, eta gaur egun ere indarrean jarraitzen du.
DAMek ozen aldarrikatuko du Palestina jasaten ari den genozidioaren aurrean nazioarteko elkartasuna. Publikoak ere izango du elkartasun hori adierazteko aukera eta hori momentu ikusgarri batean gauzatuko da. Izan ere, Anoetako zelaian milaka palestinar bandera banatuko ditu antolakuntzak, eta 18:50ean, DAMen kontzertua hasi aurretik, 30.000 pertsonen argazkia aterako da Anoetan dron baten bidez.
Horren ondoren, 20:00etan, Arrasateko Des Kontrol talde beteranoa izango da taula gainean, euskal punkaren belaunaldi berriaren ikurretako bat. Izan ere, belaunaldi hori ulertzeko ezinbestekoak izan dira azken 25 urteetan, eta hainbatetan aritu dira Muguruzarekin batera oholtza gainean. Azkena, esaterako, Martuteneko espetxean emandako kontzertuan.
Iazko Bilboko kontzertuetan 16.000 lagun bilduta, Bartzelonako Palau Sant Jordin 15.000, Madrilgo Movistar Arenan beste hainbeste, Santiago de Compostelan 5.000 zaleen aurrean arituta, eta Paris, Bordele, Tolosa, Marseilla, Zurich, Londres, Dublin, Santiago de Chile, Buenos Aires, Montebideo, Bogota, Mexico Hiria eta Erromako aretoak bete ostean, 40. urtemuga ospatzeko egiten ari den biraren gailurra izango den Fermin Muguruzaren emanaldi nagusia 21:00ak aldera abiatuko da. Artista irundarra bi ordu eta erdi luzez arituko da agertoki gainean, bere ibilbidearen garai guztietako abestiak interpretatuz.
Anoetako eszenatoki gainean izango diren hamar musikariez gain, Muguruzak errepertorioan zehar zenbait kolaboratzaile izango ditu alboan, horien artean, Negu Gorriak taldeko partaide zirenak, Mikel Txopeitia, Mikel Kazalis eta Kaki Arkarazo.
Sarrerak eskuratzeko aukera, hemen.
uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Pribatutasun politika eguneratu dugu datuen babeserako legedia berriagatik, eta gardentasunarekin dugun konpromisoagatik. Ez dugu aldatu zure datuak erabiltzeko eta konpartitzeko modua, baina uste dugu jakin behar duzula zure zein datu jasotzen ditugun, nola tratatzen ditugun eta zein aukera eta kontrol duzun. Ezarri cookie-akCOOKIE-AK UKATUGUZTIA ONARTU